2018(e)ko irailaren 26(a)

Langileriak badauka lantokian intimitatea izateko eskubidea?

Nick Youngson - http://www.nyphotographic.com/  CC BY-SA 3.0

Bigarren post honetan, gaia hobeto ulertzen eta honetan sakontzen saiatuko gara. Horretarako, eta mamian sartu baino lehen, berebiziko garrantzia duen terminoa argitu behar dugu, hots, intimitate-eskubidea. Wikipedian begirada azkar bat emanda, intimitatea "pertsona batek ezkutuan edo gainerako gizakiengandik gordeta geratzen den eremua atxikitzeko duen eskubidea da, gizartean duintasunez eta bizitza kalitate gutxieneko batez bizitzeko beharrezkoa dena" [1]. Beraz, esaldi luze honetatik ateratzen dugun ideia nagusia zera da: Intimitatea izatea oinarrizko eskubide bat dela.
Espainia mailan, norbere intimitatea izateko benetako eskubide behin Franco hilda lortu zen - diktaduran ez zen ezta komunikazioen intimitatea babesten, nahiz eta Espainolen Foruaren 13.artikuluan agertu.[2] Egun, 1978ko Konstituzioak 18.artikuluan babesten du eskubide hau, beraz, oinarrizko eskubidearen maila dauka.
Hortaz, ukaezina da langileriak badaukala intimitatea izateko eskubidea, Espainiako Lege Gorenaren doktrinak esaten duen bezala lan-kontratu bat sinatzeak ez dakar Konstituzioak langileari, hiritarra izanda, onartzen dizkion eskubideak kentzea.
Dena den, eskubide honek bere mugak ere baditu, ezinbestekoa baitira nagusiaren kontrola eta zuzendartitza-lanak. Horrela, Langileen Estatutuak, hauen eskubideaz gain, bere 20. artikuluan “lan-jardueraren zuzendaritza eta kontrola” arautzen du, hau da, enpresaburuaren edo honek izendatutakoaren agindupean egonda dituen betebeharrak. Honi jarraituz, “langileak laneko bere betebehar eta eginbeharrak betetzen dituela egiaztatzeko zaintza eta kontrolerako neurririk ustez egokienak har ditzake enpresaburuak, langilearen giza duintasunari zor zaion begirunea zainduz”. [3] Hau guztia sor dezakeen arazoez gain, kontuan izan behar da azken urteotan teknologiak izan duen izugarrizko garapena. Ondo dakigun bezala, horrek aldaketa ugari ekarri ditu, eta kontrolarako tresna oso baliagarria da; ordenagailu eta antzeko aparatuekin egiten den erabilpen orok arrastoa uzten du eta. Argi dagoenez, honen ondorioz langile eta enpresen artean gatazka ugari sortu dira, askok epaitegietan bukatu ere egin dutenak. Horregatik, gai honi buruzko jurisprudentzia asko aurki ditzakegu, hurrengo asteetan zehar azalduko ditugunak, beste gauzen artean.






_______________________________________________________
[1] https://eu.wikipedia.org/wiki/Intimitate-eskubide
[2] https://www.boe.es/datos/pdfs/BOE/1945/199/A00358-00360.pdf
[3] http//www.ivap.euskadi.eus/r61-3039/eu/contenidos/informacion/legedia_euskaraz/eu_3818/adjuntos
/Lan-zuzenbidea/Langileen_Estatutua.pdf

2018(e)ko irailaren 18(a)

Ongi etorria

LUBE motorren fabrikako langileak. Barakaldoko Udalaren argazki artxiboa

Ongi etorriak izan blog honetara!!! Eder naiz, Euskal Herriko Unibertsitatean Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua hasi berri duen ikasle barakaldarra. Lehenengo maila honetan gure lan-esparrua izango denarekiko lehenendabiziko kontaktua izango dugu hilabete hauetan emango ditugun irakasgaien bidez. Bolonia plana dela eta, azterketez gain lan eta proiektu ugari egin behar ditugu, horietako bat blog hau delarik, Zuzenbide Zibila gaiaren baitan.

Webgune honen aztergaia zera izango da: langileek euren lantokietan intimitatea izateko duten eskubidea, betiere Zuzenbide Zibilaren ikuspuntutik, zentzuzkoa denez. Horretarako, Espainiar Estatuko legedia zein jurisprudentziaz gain, eguneroko bizitzan gertatzen diren berriak ere aztertuko ditugu, langileriak daukan eskubide honen egungo egoera hobeto ezagut dezagun.

Gai hau aukeratzeko zenbait faktoretan oinarritu naiz, batik bat nire interes eta graduarekiko daukan atxikimendu-mailarengatik baina baita ere teknologiaren aurrerakuntza dela kausa momentu honetan daukan egunerokotasunagatik.

Besterik gabe, zuen interesekoa ere izatea espero dut. Hurrengora arte!!